Zirri-mirriak

    Bakarrik gaude aspaldiko partez, zu eta ni, ni eta zu. Ume txikiak etorri zirenetik elkarrekin egoteko tarteak aurkitzea kimera hutsa da, eta are zailagoa begitantzen zait tarte horietan bakarrik egotea. Zinez diotsut ezin ditudala zeure ferekak eta laztan gozoak burutik kendu, baina, azkenean, luzez itxaron behar izan ondoren, gaurkoan berriro elkar ikusi dugu.

    Lo-koluxkan harrapatu nauzu, terrazako sofan etzanda zurekin ametsetan; norekin bestela? Eguzki izpiek berotu dituzte noizbait nire ametsak eta nire bisaia, honezkero gorri egongo dena gogora ekarritako pentsamendu lizunengatik. Horrelakoetan ur apur batekin nahikoa izaten da beroaldia epeltzeko, eta nire zain hanpatuak baretzeko. Gaurkoan, ordea, urarekin ez da nahikoa izan, eta hozkailutik atera berri dudan izotz-puska bati zeregina aurkitu diot berehala. Poliki-poliki bularraldea igurzten hasi naiz, baina eskua alurantza eraman ahala, erabat desegin zait jela atzamar artean. Dagoeneko ez dakit nork busti dituen nire tolesturak, ziorik gabeko izotz-koskorrak edo nire libido asegaitzak.

    Horrelako batean, begiak zabaldu ditut eta aurrez aur ikusi zaitut, mahai gainean jarrita niri begira, inolako lotsarik gabe. – Atzera? Laztana, aseezina zara. Esan diot neure buruari. Irriño leloa eskaini dizut, baita konplizitate keinura ere; izan ere, eskaintzen didazun konpainiarekin, gutxienekoa da. Ez dugu denbora askorik, laster bueltatuko baitira umeak, bada, probestu dezagun abagunea eta izan gaitezen bihurri. Batek daki noiz egongo garen berriro lasai asko elkarrekin. Azkar, zazpi minutu ditugu! Bosgarrenez sentitu nahi zaitut nire barnean inolako gupidarik gabe, eta zeure klimax dardarek beste dimentsio batera eraman nazatela eskatzen dizut arren. 

    Utzi erantzuna

    Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude