«Orain arte oso mugatuta egon gara sexuari dagokionez»

    Jatorrizko elkarrizketa Berria egunkarian CC-BY-SA lizentziapean: https://www.berria.eus/paperekoa/1888/040/001/2021-03-16/orain-arte-oso-mugatuta-egon-gara-sexuari-dagokionez.htm

    Diktadura bat, erakunde klandestino bateko bi kide, atentatu bat, eta sexua. Horiek izan dira osagaiak, eta Kaixomaitia.eus Kontakizun Erotikoen Lehiaketako txapela emaitza. Karlos Aretxabaletak irabazi du (Remera Rukoma, Ruanda, 1990): irakaslea da, eta idaztea maite du. Poesia lanak argitaratu zituen Hitz margotuak liburuan, eta Gaztezulo-n eta sareetan ere aritzen da.

    Nola hartu duzu saria?

    Ilusio handiagaz hartzen dira aitortzak. Ikusita beste finalista batzuen lan itzelak, ez dut zer esanik. Batzuen ibilbide literarioa txapela kentzeko modukoa da: Irati Goikoetxea [bigarren egin du], Joxemari Urteaga [hirugarren egin du]…

    Bazegoen beharra horrelako lehiaketak antolatzeko?

    Bai. Idazten dugunontzat lehiaketak hauspotzeko aitzakia ederrak dira: geure burua frogatzeko, barruan daramatzagun pentsamenduak paperera ekartzeko eta lehiatzeko. Espero dut gehiago egotea, genero honetan ez baikaude asko.

    Nola hasi zinen honetan?

    Duela urte batzuk, Arratian aurkeztu nintzen. Proposamen hark ez zuen arrakasta handirik izan. Orain dela bizpahiru urte kontakizun berberagaz lotu nintzen lehenengo. Pasarte lizunak eta kitzikagarriak idazten ondo moldatzen nintzen, eta hor hasi nintzen. Gero, Gaztezulo-koei asko gustatu zitzaien moldea edo lotsa falta hori, eta ordutik haien kolaboratzaile naiz.

    Nondik edaten duzu?

    Nobela beltzean testuinguruak daukan indarrak atentzioa ematen dit. Oso Montoiazalea naiz; trebea da horretan, eta pasarte lizunak deskribatzen dituenean lotsa falta hori oso ondo adierazten zuen berak.

    Zer hartzen duzu kontuan halako kontakizun bat egiterakoan?

    Irakurle gisa, izugarri gustatzen zitzaidan idazleak sortzen zuen atmosfera. Niretzat, oso garrantzitsua da testuingurua, ez hainbeste gordinkeria. Testuinguruak abiatzen nau, eta sexuak borobiltzen du kontakizuna, armatu egiten du. Sexua aitzakia da, eta testuinguruak du esangurarik handiena.

    Kontakizun erotikoek eta idazlearen fantasiek badute loturarik?

    Denetarik dago. Niri asko gustatzen zait heteroarautik irtetea. Literaturan orain arte agertu izan diren pasarte erotiko-sexualak beti izan dira oso mugatuak. Nire buruak eskatzen dit hortik aldentzea. Ni ez naiz homosexuala, baina zergatik ez dut idatziko horren inguruan? Kasu horretan, ez dut nire bizipena abiapuntutzat hartzen. Agian ezagun batzuena, edo ez. Sormenak daukan alderdirik politena hori da: askatasuna duzula irudikatzeko.

    Komando bat, atentatu bat eta sexua. Zergatik gai hori?

    Duela hilabete batzuk idatzi nuen. Nire aitita hilzorian egon zen, eta bere aldamenean jarrita hasi nintzen idazten, jakin gabe lehiaketarik zegoenik ere. Diktaduraren testuingurua etorri zitzaidan burura, aititek bizi izandako gorabeherak… Gero, heteroarau horretatik kanpora atera nahi nuen.

    Sexua duten ETAko bi kideak mutilak izatea ez da kasualitatea.

    Ez da, ez. Egia esan, ez dut zehaztu ETAkoak direnik; ez dut kokatu gura izan, nahiz eta nire buruak bazuen hemengo gatazka gogoan. Egia da euskaldun batek irakurtzen badu hemengo bizipenekin kokatuko duela, hemen ez delako horretaz hitz egin. Baina pentsatzen dut mundu osoko diktadura edo jazarpen egoeretara hedatu daitekeela gizonen arteko kontakizun hau.

    Klandestinitatearen bestelako irudia izaten da nagusi: maskulinotasun hegemoniko eta, beraz, heterosexualari lotua?

    Bai, hori hautsi gura izan dut. Uste dut orain gutxi arte oso mugatuta egon garela sexuari dagokionez. Inguru gatazkatsua, emozioak, tentsioa… hor beti ikusi ditugu bikote heterosexualak. Polita iruditu zitzaidan, eta ausartu nintzen.

    Eta poema bat, kontakizun erotiko bat ixteko. Zure poesiazaletasunari keinu egin diozu horrela?

    Duda barik, bai. Poema hori aspaldi neukan buruan, zirriborratuta. Poesiaren mundutik nator, nahiz eta ez dudan arlo horretan aitorpenik izan. Ez dut hori espero, baina ibilbidea aldarrikatzeko modu bat izan da. Borobiltzeko modu bat.

    Utzi erantzuna

    Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude