Erasmus Party

    Lauzpabost juramentu bota ondoren, eta Maiderren pazientzia santuari esker, azkenean, guaparik ikusi dut neure burua. Leopardozko leggins estu-estuak, skunk-funk markako jantzi bizi-bizia eta 18 zentimetroko takoidun zapatak daramatzat soinean; ea behingoan ligatzen dudan. Gaurkoan bai – diotsot neure buruari –  gaurkoan, Pragan bada ere, ligatu egin behar dut.  Psikologoak aspaldi esan zidan, egunero, etxetik irten baino lehen, konfiantzaz jositako soinekoa jantzi behar nuela, ahaldundu egin behar nintzela. Hau da, garai bateko Aner ahaztu eta Ane izenari oso-osoan ongi etorria eman behar diot, horixe baita nire hautua. 

    Ispiluak halaxe xuxurlatu izan balit bezala, Hendaiako tren geltokian aurkitu nuen txori-luma bat  hartu eta belarri gainean txertatu dut, eta eskuarekin tigre batek egingo lukeen keinua eginez, maltzurkeriaz begiratu diot neure trazari. Maiderrek eta Garazik – nire  bidaideak –  aurpegi arraroarekin begiratu didate ispiluaren soslaitik, honek noizbait nire janzkera eta keinu xelebrearen zergatia azaldu beharko balie bezala. Azkenean, begirada konplizea bota didate eta biek aldi berean baiezko keinua egin dute aurpegiarekin, izan ere primeran baitakite haragi gose naizela.    

    Gaurkoa ez da salbuespena izan eta Carlosen Zubia zeharkatu dugu Alde Zaharreko Erasmus party giroan murgiltzeko. Horrelako batean haize bolada batek belarri gainean sartuta daramadan lumatxoa askatu du, eta firin-faran kaleko beste muturrera eraman du. Kostata, azkenean lumaren parera heldu naiz, baina atzamarrak luzatu ditudanean, bat-batean beste esku batek lurretik batu du nire amuletoa.  Berehala altxatu naiz, eta neure begiek topo egin dute irribarre gozo batekin. Konturatu orduko, keinu arin batekin, atzera pausatu du esku horrek lumatxoa nire belarri artean, emeki. Tamalez, ez naiz gai tutik ere esateko, eta nire ahotik irten den gauza bakarra Dìk izan da – eskerrik asko txekieraz –. Barrutik, ordea, neure hankartea suak harturik dago aurrez aur daukadan mutil katxarroaren erruz. Egoera probestuaz, irribarre kokina luzatu diot ezagutu berri dudan gentelmani, nire egonezina ulertuko duelakoan. Pragako “zezenkoak” kuriositatez begiratu nau, eta badirudi grazia egin diola nire azentu xelebreak, ezagun egingo balitzaio bezala. Bera ere ez da lotsatu, eta bere ingelesik eta oinarrizkoenean bere burua aurkeztu eta zubitik ehun bat metrotara dagoen diskoteka batera sartzeko tiket bi erakutsi dizkit. Atzerantz begiratu dut, eta Maiderrek eta Garazik hotelean erabili dudan tigrearen keinu bera zuzendu didate, animoak eman nahian edo.  Hanken dardara senti dezaket, lehenengo muxu beldurtiaren atarian banengo bezala. Koldartu ote? Honezkero mutiko eslaviarra konturatuko zen ez naizela neska ohikoa, jendearen begietara ez, behintzat. Azalpenik zor diot? Ez dirudi azalpen asko nahi duenik, ordea. Eta amaieraraino heltzea erabakitzen badugu? Zoritxarrez ez litzateke izango lehenengo kasua non mutilak hanka egin duen nire hankartera heltzean; huraxe bai paradoxa. Azkenean, lagunek hauspotuta, musika elektronikoa eta neonezko argiak uztartzen dituen lokal batean murgildu naiz mutikoaren besoari helduta, Nolabait nire takoi hotsek gazteriaren frenesiarekin bat egiten dutela sentitu dut. Urduri nago, gaurkoan alkoholak eta dantza lotuak, dantza mutuak, niretzat momentuz ezezagunak diren ateak zabalduko dizkidatelakoan.

    Gau zinez ederra izan zen hura, baina aitortu behar dut bosgarren kopatik aurrera diskotekako argiek sortutako flashak izango balira bezala oroitzen ditudala bere hotelean gertatutakoak. Igogailuan sartu orduko, ispiluaren kontra jarri ninduen, nire ipurdi landuari ondo heldu eta nire lepo lurrindua musukatzen hasi zen, sutsuki gainera, ezetzik jasoko ez zuenaren jakitun. Ni, ordea, takoiak kendu eta bere gainean jarri nintzen, bere gerria hankekin inguratuz. Orduantxe estu eta larri jarri nintzen, bere eskua nire lepoa zeharkatzen barrundatu nuenean, haztamuka, nire bularretakoa kendu nahian. Zer gerta zitekeen nire gorputzaren izaeraz ohartzean? Zorionez, estualdiari plazerra inguratu zitzaion, zeren eta behin bular-zorroa kenduta, mutikoak muinorik gabeko lautada ikusi zuenean, nire titiburuak miazkatzen hasi baitzen inolako lotsarik gabe. Hortik aurrera gure lizunkeriak tabu  diren ate guztiak behera bota zituen ostikada batez.

    Hurrengo flasha bere gelako ohe gainean irudika dezaket, bere tatuajez beteriko gorputza miazkatzen. Gogoan dut tarteka bere titiburuetako piercingekin jostatu zela lotsarik gabe nire mihia, eta era berean jardun nintzela ordurako izugarri tente zeukan mastarekin. Tematu nintzen nire zereginean, jo eta su, harik eta nire aho likatsua bere zaporeaz bete arte.

    Gerora, ordea, nire txanda heldu zen. Ordura arte, sarritan imajina nezakeen neure burua gizon baten gainean hankalatrabaka, pelikuletan bezala bere gainean trosta bizian estasira heldu arte. Haatik, gertatutakoa askoz prosaikoa izan zen, askoz naturalagoa, gozoagoa, bestelako azalpenik beharko ez lukeen irudi erreala bezain gordina. Lehengo eta bat, bere mihi hezea ate magikoen giltza bilakatu zen, eta nire barrunbeak xalotasunez limurtu zituen atzamarren laguntzaz. Estasia gerora etorriko zen. Zorionez, nire zakilak ez zion ageriko enbarazurik egin, izan ere, berak Aner ikusi beharrean, Ane ikusten zuen neure tolesturetan, eta nik zinez eskertu nion. Azkenekoz nire gainean irudika dezaket mutikoa, izerdi batean, ondo koipeztatutako zakila nire uzkitik sartu-irtenean bere beso gihartsuek nire hankak ondo eusten zuten bitartean; abegikor, ez niezaion orgasmoari izkin egin. Azken flasha oraintxo etorri zait gogora. Honezkero lauzpabost bider egin dugu txortan eta nahastu egiten naiz horrenbeste flashekin.

    Utzi erantzuna

    Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude