Askanpeko hondartza

    1863ko Nikolas Deunaren eguna heltzear zegoen, baina ezin nuen erabakia atzeratu. Etxeko beharrizanak zirela eta, osaba Toribiok Ameriketan aspaldi sortutako etxaldera alde egin behar nuen. Hala ere, ez naiz sekain-lurrekoa, izan ere Portu Zaharreko kaleak eta bazterrak besterik ez ditut ezagutu. Anbekokalleko arrantza-giroa, Aretxondo auzoko iturri inguruan pilatutako umeen jira-birak, Asuarkako ikuztegiko andreen txutxu-mutxuak, lemarien karraderak Erriberamuneko eskilaretatik behera, Etxetxuko aterpean herriko zaharrei entzundako itsas-istorio beldurgarriak, Askana izeneko plazan ama eta beste sareginekin batera abestutako kantuak… Itsaskumea naiz oso-osoan; aurkituko ote dut asago dagoen Nevada hori?

    Eguzkia bere amagana bidean zegoela, arrantzaleak, lemazainak eta txoak etxeratzen hasi ziren, kresalak ugertutako gorputz higatuek atseden har zezaten. Herriko marinel zaharren kantuak, kontuak, besterik ez ziren heltzen gure belarrietara handik nonbaitetik, Tomasen tabernatik ziur asko. Gure ontzi hordiak. Nolabait enbata eta Korsarioen garaiko kontakizunak birgogoratzeko premia sentitzen zuten gauero; Jean Laffite, Mundakako Fermin, Étienne Pellot…ez ziren gutxi kontatu beharreko pasadizoak. 

    Azkenean, erabateko lasaitasunak inguratu zuen Portu Zaharra, han-hemenka kala txorien karrankak besterik ez. Hala, begirada kuxkuxeroetatik libre geundelarik, orduantxe hasi zen Julian nire lepo gazia musukatzen, miazkatzen, portuko jardunak gazituta ziur asko. Ez nuen istant hori apurtu nahi, gozoegia zirudien berri txarrekin garrazteko, eta bere erara utzi nion; gure Askanpe hondartzako txoko hartan sarritan egin bezala. 

    Bere bizarraren ziztadatxoek berehala gorritu zituzten nire belarriak eta arima. Hala, jakitun balego bezala, hozkadatxo txikien bidez belarrietan aurkitu zuen nonbait gona azpian giltzarrapoz gordetzen nuen urregorrizko altxorraren giltza. Orduantxe heldu zitzaidan heldu erabateko berotasuna hankartera, izan ere, nire muxila bitsez beterik sentitu nuen, pozik, laster oso-osorik zabalduko denaren jakitun. Julianek, primeran ezagutzen nauenez gero, hortaz jabetu zen berehala, eta aukerarik galdu gabe bere esku arrailduak gona azpiko maskorrean sartu zituen. Maite ditut kresalak gogortutako atzamar sendo horiek, jakin baitakite zein den euren zeregina. Haatik, segundu gutxi behar izan nituen bere eskuetako gogortasun hura biguntzeko, brastakoan nire alutik isuritako hazi jarioa tamainakoa izan zelako. Arnasestuka utzi ninduen, beste behin, baina orduantxe nire txanda heldu zen, adio esateko txanda. 

    Asko pentsatu gabe bere gainean eseri nintzen, gona altxatu eta bere mahoizko galtza-zirak baldarki jaitsi nizkion, antsietatez, ez bainion azken istant horri ihes egiten utzi nahi. Okasiorako jantzita neraman brusa astiro-astiro kendu zidan Julianek, nire titiak agerian utzita. Atoan jarri zizkidan bere esku latzak titiburuen gainean, ordurako guztiz zorroztuak, bere fereken premia sentitu izan balute bezala. Nik ez nion keinuari izkin egin, eta bere ezkerreko eskuari nire titiari oratzen lagundu nion bitartean, bere eskumako eskua zakilerantz bideratu nuen. Horrela, bere itsas aingira gogotik heldu eta barruraino sartu nuen, kobazuloan barrena. 

    Konturatu orduko trostan geunden biok, intzirika, talka betean, bere bulkadak nire jauziekin uztartu nahian. Horrelako batean, bere bultzadetariko bat barru-barruan sentitu nuen, mingarria izatera heldu barik. Orduantxe, supituan denboran eternitate bat luzatu zen gozamena, eta orgasmoa bete-betean heldu zitzaidan, baita berari ere. Azkenean, garrasi isil batek gure birikiak kresalez bete eta gure bihotzak urtu zituen. 

    Julian ez zen momentuan konturatu, baina, oharkabean, itsasgorak ekarritako salabardo uger batekin eskua zauritu zuen eta odol-hari txiki bat zerion eskutik behera. Hura ikusterakoan hurrengoa bota nion: biharkoan triste bahengo, lasai; orbanek pena-jarioa josiko ditek noizbait.

    Utzi erantzuna

    Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude