Tabernaren atarian

    Alboko tabernako ugazabandreak zigarreta piztu du, eta ardo beltzeko kopatik edaten duen bitartean niri begira jarri da, menturaz. Niri begira ote? Atzo gaueko anfetek eta alkoholak oraindik zeharo nahasita naukate. Agian, bere begirada galduan eta margotu berri dituen ezpain lodi eta mamitsuen atzean desirazko hitzak daude; askatasuna lortu nahian biluzten zaituzten horietarikoak.

                Orain bai, ziur nago. Elkarri begiratzen diogu luzaroan, deus ez esan gabe. Dagoeneko isiltasunak biñeta soil batean bahituta gauzka, urrunetik hankekin eta gorputz idortuekin jolasten dugun bitartean, aiko-maiko, komiki pornoa bailitzan.

    Altxatzera noala, bat-batean, aldean daramadan liburua jausi zait, eta berarekin batera liburu barruan gordetzen ditudan hainbat olerki zelaitik dantzan eta saltoka hasi da. Konturatu orduko enegana hurbildu da “ezpain gorri” – ez baitakit bere benetako izena –, paper festa batzen lagundu, eta irribarretsu amets-irudi horiek zer ote diren galdetu dit. Esku artean daukan lehenengo orrialdean begiak jarri ditu dagoeneko. Poemak direla aitortu diot, harro, baina asko harrotu gabe, badaezpada. Harriturik, ea zinez nabilen galdetu dit, ez duela inoiz poetarik ezagutu; alegia, desagertzear dagoen “espezietzat” hartzen gaituela. Jarraian poemak bueltatu dizkit. Abagunea probestuta solasean hasi gara.

                Gaueko hamaikak jo dute jada, eta ia ez da jenderik ikusten kaletik, hortaz, nire “lagun” berriak, eztiki, bere tabernan sartzeko gonbita egin dit. Atzoko parranda ahaztuta daukat dagoeneko, eta bizitzan bestelako ziorik egongo ez balitz bezala, garagardoak eta zigarretak erretzeari ekin diogu poesiaz eta literaturaz ari garen bitartean.

    Konturatu orduko ordu biak jo dute. Solasaldiaren lehenbiziko gezaldiari gatz eta piper erantsiz, – kokaina  eta alkohola, alegia – bion mingainak leunki eta lasaiki berotuz joan dira. Badirudi azken tragoa hartuko dugula, baina halako batean zerbitzariak poema bat irakurtzeko eskatu dit. Ene ondoan jarri da, eskua hartu dit eta bere belarria ene sorbaldan jarri du astiro-astiro, arnasketa sentitu nahian, lapurtu nahian. Bere tabako eta arrosa usain freskoak eta zikinak menderatu nau. Bero naiz, nolabait, bero sentitzen dut ene gorputzeko zirrikitu guztietan, izerditan, eta jarioa geldi ezina da. Mintzo da, bada, ene gorputza, ene poema.

    Ez naiz hirugarren bertso-lerrora heldu. Bat-batean, bere eskumako eskua ene hankartean dagoela konturatu naiz, eta eztiki ferekatzen hasi da ene izter tolesturak. Supituan, sekula sentitu ez ditudan soinuak ene barnetik ateratzea lortu du, eta, sumendia bainintzan, ene sexuak eztanda egin du. Gozamenera abandonatu naiz. Bere ezkerreko eskua, ordea, lepotik dabil kilimak egiten, geldi ezinik. Paralizaturik nago, zur eta lur, suge gaizto batek pozoia barruraino sartu izan balit bezala. Ez dakit zer egin. Berriro ere sumendi hura, eta ene gorputza gozamenaz lehertzear dagoela esango nuke. Baina deskantsurik ez. “Ezpain gorrik” berehala hartu nau bere baitan eta lurrera bota nau trapuzko panpina naizelakoan; arropak azkar kendu dizkit, bortizki, baita alkondara urratu ere. Bere mingaina izan da sentitu dudan lehenengo gauza; hotz, bero, likatsu eta ausart. Ene belarriek bere esanetera dirudite; tente jarri dira mingaina belarri-tolesturetan kiribildu denean, eta hasperen eszitatuek estasiari hasiera eman dietenean. Titi buruak sutan dauzkat, baina “ezpain gorri” eskuzabala da, ez baita haiekin ahaztu, ezta izterrekin, besapeekin, zilborrarekin ere. Azkenik ene altxor kutxara jaitsi da, otso gosetua bailitzan, eta bere horretan tematu da, harik eta garrasi hots batek ene hasperenak urratu dituen arte. Hain izan da orgasmo sakona, ezen zirrarak uzkiko barrunbeak ferekatu dituen. Suziriak sentitu ditut, uzkitik, sabeletik gora, arrapaladan. Hau bai hau orgasmoa. Besoak zabaldu ditugu eta une bat geroago biok elkar besarkatu dugu maitemin garretan, gerora lopor sakon batean murgiltzeko.

                Halako batean zurrunga deiadar batek osoki esnatu nau. Izututa nago. Non demontre nago? Berehala ene ondora begiratu dut eta ezaguna egiten zaidan bisaia ikusi dut. Aski ezaguna egiten zaidana. Ene bada…ene senarra. Atzoko afera ametsa ote? Senarra esnatu da, eta bere betiko babo aurpegiarekin ea gosaria prestatuko diodan galdetu dit, berak ez baitaki ia-ia lokarriak bere kabuz estutzen. Ezetz esan diot, ez dudala gosaririk prestatuko. Kalera noala eta bejondeiola igandea esan diot. Amets lizuna izan bada ere, ene amets gozoa egia bihurtzera abiatu naiz poliki, presarik gabe; apetek ametsen ortzi-mugan larrua jo dezaketelakoan bainago.

    Utzi erantzuna

    Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude